Argazkia
Argazkia


Literatura unibertsala

Alexandra Kollontai

Iraultza gorriaren bihotz morea

Gari Berasaluze
Emakumeen eskubideen eta parekidetasunaren aldeko borrokak asko zor dio Alexandra Kollontai idazle eta iraultzaile errusiarrari. Haren entseguak eta artikuluak, hitzaldiak, literatura, jardunbide politikoa eta bizimodua aitzindariak izan ziren sozialismoa eta emakumeen eskubideak uztartu nahi izan zituztenen artean.
Gobernu bateko partaidea izatea lortu zuen lehen emakumea izan zen Kollontai, eta nazioartean herrialde baten ordezkari aritu zen lehen emakumea ere bai. Parekidetasunean oinarritutako gizartea, iristekotan, klase bereizketa bidegabeak sortzen dituzten egiturak gainditzeaz gain, harreman eredu berriak eraikiz iritsiko zelakoan zegoen eta horien alde aritu zen bizitza osoan zehar.
Ildo horretakoak dira haren artikulu eta liburu ezagunenak: Emakume berria eta moral sexuala, Gizartea eta amatasuna, Familia eta Estatu Sozialista, Moral berria eta langileria, Emakume militanteak Urriko Iraultzan, Sexualki askatutako komunista baten autobiografia edota Maitemindutako boltxebikea.
Alexandra Mikhailovna Kollontai San Petersburgen jaio zen, 1872ko martxoaren 31n, familia nahikoa liberal batean. Hala ere, gurasoek ez zuten eskolara eraman, «eragin makurrak saiheste aldera», eta hezitzaile partikularra izan zuen. Oso gaztea zela sortu zitzaion marxismoarekiko interesa eta Lanaren Historia ikasi zuen Zurichen. Ikasketak amaituta, Errusiara itzuli zen 1899an eta Errusiako Alderdi Sozialdemokratako kidea egin zen. Handik lau urtera zatitu zen alderdia, boltxebikeen eta mentxebikeen artean, baina Kollontaik ez zuen batzuen edo besteen alde egin eta bi aldeei laguntzeko prest agertu zen. 1905ean, Neguko Jauregiaren aurrean izan zen manifestazioan, bertatik bertara ikusi zuen langileen aurka egindako sarraskia, baita hark eragindako hilotzak ere. Garai nahasi haietan sortu ziren lehen sobietak edota langileen asanbladak eta haien aldeko artikuluak idazteari ekin zion Kollontaik, emakume langileen antolakuntzan laguntzearekin batera. Sasoi hartan, agintari errusiarren aurka matxinatzeko deia egin zien finlandiarrei Finlandia eta sozialismoa izeneko artikuluan eta erbesteratu egin behar izan zuen hura argitaratu eta gero.
Erbestealdiko urteetan, Europako zenbait herrialdetan barrena ibili zen hitzaldiak emanez, Rosa Luxemburg ezagutu zuen eta, besteak beste, etxekoandreen greba bat antolatu zuen. Lehen Mundu Gerraren aurkako ordezkari nabarmenenetakoa izan zen nazioartean eta bi urtez AEBetan ibili zen, hitzaldiak eta mitinak emanez errusieraz, alemanez eta ingelesez, gerraren aurkako mezua zabalduz betiere, gerra hura inperialismoak klase zapaltzaileak babesteko eta bermatzeko beharrezkoa zuelakoan.
Ordurako langileek greba eta manifestazio ugari antolatu zuten Errusian tsarismoaren aurka eta 1917an, otsailean hasita, geroago Urriko Iraultza ekarri zuen mugimendu geldiezina sortu zen. Sasoi hartan itzuli zen Kollontai erbestetik. Urriaren 25ean boltxebikeek Neguko Jauregia hartu zuten eta langileen estatu berri baterako oinarriak finkatu zituzten. Iraultzaileek osatutako gobernu berrian, Gizarte Laguntzarako Herri Ordezkaria izendatu zuten Kollontai eta izendapen hark gobernu batean parte hartu zuen lehen emakume bihurtu zuen.
Errusiako Iraultzak, teorian, gizon eta emakumeen arteko parekidetasuna onartu zuen politikoki, ekonomikoki eta sexualki eta benetako parekidetasun baterako oinarriak finkatu zituen: emakumeen boz eskubidea onartu zen, ezkontza borondatezkoa bilakatu zuten legez, ezkontza barruko eta sasiko haurren arteko bereizketa desagerrarazi zuten, gizonen eta emakumeen lan baldintzak eta soldatak berdindu zituzten eta amatasun soldata sortu zuten. Halaber, munduko lehen herrialdea izan zen dibortzioa onartzen eta emakumeei libreki eta doan abortatzeko eskubidea aitortzen.
Azken batean, iraultzaileen aburuz, ohiko familia eredu zaharrak zapalkuntza bultzatzen zuen, eta zapalkuntza horretan emakumea izaten zen beti zapaldua. Horren gainekoak dira Alexandra Kollontaik garai hartan idatzitako artikuluak eta liburuak, betiere emakumeen eta gizonen parekidetasunean oinarritutako harreman eredu berriak zehaztu nahian, gainerakoan berdintasunean oinarritu nahi zuen estatu komunista berria ezinezkoa zitekeelakoan.
Kollontairen hitzetan, «kapitalismoak zama astuna ezarri du emakume langilearen bizkar gainean: lantokietako langile bihurtu du, etxeko lanen zama eta amatasunari dagozkion lanak batere arindu gabe». Familia eredu zaharraren baitan hori iraultzea ezinezkoa iruditzen zitzaion idazle eta politikari errusiarrari eta familia eredu berriaren nondik norakoak zehazten ahalegindu zen artikulu eta liburuetan: «Familia bizitza zaharraren hondakinen artean, laster ikusiko dugu familia eredu berria sortzen. Gizonen eta emakumeen arteko harreman erabat desberdinak ekarriko ditu horrek, sentimenduak eta adiskidetasuna uztartuko dituzten elkartze berrietan. Parekideak diren bi lagunen arteko batasuna izango da eta biak askeak, independenteak eta langileak izango dira. Amaitu da emakumea etxean inoren zerbitzari izatea. Amaitu dira familian bertan sortutako desberdintasunak».

Sentimenduen hausnarketa

Teorikoki parekidetasunean oinarritutako familia eredu berria zehazteaz gain, harremanen eta sentimenduen gaineko hausnarketa sakona ere zor diogu Kollontairi, askatasun sexualaren eta harreman libreen gainekoa batez ere. Izan ere, Kollontairen iritziz, parekidetasunean oinarritutako gizarte berria eta emakumeen erabateko askatasuna lortzekotan, sexu harremanetan ere benetako iraultza aldarrikatu beharra zegoen ezinbestean.
Zehazki, idatzi pertsonalenetan aitortu zuen moduan, «harreman monogamikoek lotura estua dute kapitalismoaren oinarria den jabetza pribatuarekin eta harreman horiek ez diote erantzuten sexu harremanek izan duten garapenari, batez ere belaunaldi berrien artean». 1926an argitaratutako hitzak dira. Kollontairen arabera, «maitasunak pasioaren, adiskidetasunaren, amatasunaren, samurtasunaren, ideien batasunaren, errukiaren, miresmenaren, ohituraren eta beste hainbat moduren forma hartzen du. Gizateriak, etengabeko garapenean, aberastu eta zabaldu egin ditu maitasuna sentitzeko moduak, denok dugun maitatzeko gaitasun aberatsa eta askotarikoa pertsona bakar batek asetzea oso zaila dela erakusteraino».
Hori guztia hausnartu eta artikulu eta liburuetan idatzi zuen emakumeak hainbat lan egin zuen Errusiako gobernu iraultzailearen baitan, teorian zehaztutakoa praktikara eraman ahal izateko. 1918an, esaterako, Emakume Langileen I. Kongresua antolatu zuen eta bera izan zen hizlari garrantzitsuenetakoa. Kongresu hartan hainbat erabaki hartu ziren eta haien ondotik sortu zen alderdiaren barneko emakumeen saila, Zhenotdel deitutakoa. Kollontai izan zen sail haren arduradun nagusia, eta sail hark hilero argitaratzen zuen Kommunistka (Emakume komunista) aldizkariaren erredakzio taldeko kideetako bat ere bai.
Urteek aurrera egin ahala, iraultzaren gainbeherarekin batera hainbat kontu aldatu zen Errusian, baita emakumeen eskubideen alde egindako bidea ere tartean. Stalinismoak ohiko familia ereduaren itzulera ezarri zuen, emakumeen gain utzi zuen berriro ere etxeko lanen ardura guztia, harreman askeen aurkako kanpaina abiarazi eta ohiko amatasuna sustatu zuen, homosexualitatea krimen bihurtzeaz eta abortua debekatzeaz gain. Aurrerago, neskak eta mutilak bereizten zituen heziketa onartu zen, dibortzioa nekez ordain zitezkeen isun handiekin zigortu zen eta emakumeen askatasunak atzera egin zuen nabarmen.
Alexandra Kollontaik etsipenez ikusi zituen aldaketa haiek guztiak. 1952ko martxoaren 9an hil zen, Moskun, bihotzekoak jota.