Belagilearen kaia

Bataila ondoko paisaia

Joseba Sarrionandia

Altabizkar, 778
Errolan, zaldiari gelditzeko agindu eta, eguraldiari begira geratu zen. Goibela zen, mendien gainean hodei ilunak lotzen ziren eta haizeak gogor jotzen zuen, katerik gabeko haizeak, pagoen eta haritzen adarrei eragin eta hosto zurrumurrua zabalduz. Errolanek, zaldi gainetik jaitsi gabe, mendietarantz begiratu eta euria egingo zuela pentsatu zuen.Orreaga iragan eta Ibañetan behera bidea nekeza zen armadura astunekin eta ondo antolaturik martxan zihoazen soldadu frankoentzat. Urrundik etorri eta urrunera, hegoaldean egindako gerren harrapakina eskoltatzen zuen armada frankoaren erretagoardia ziren. Batzuk zaldiz, gehienak oinez zihoazen belar erraldoien artetik, zenbat lantza gora begira, zenbat kolorezko bandera. Zenbat gurdi, tesoro aberatsez lepo kargaturik, idiek irmo zeramatzaten gurpilen kirrinkarekin.Turuta soinuren bat entzun zen, mendi aldetik, baina gerrari frankoek zurrun jarraitu zuten. Nekaturik zihoazen eta hala ere boteretsu, beldurrik gabe musulmanen alfanjeei, edo menditarren gezi zakar eta ezpata landugabeei.Errolan zaldi gainetik mendi aldera begira zegoen oraindik, euriaren zain, mendian behera bola handi bat jausten ikusi zuenean. Ustekabea sinetsi eta alarma deia egin orduko, harriak gurdi franko bat jo eta irauli zuen.Erasoa zela ohartu eta, mendi bizkarraren kontra antolatzeko agindu zuen, giza hesia eginik gora begira. Errolanek geziak espero zituen, eta, geziek beren zeregina konplitu ondoren, erasotzaileak alfanje edo ezpatekin agertuko zirela, baina beste arroka borobil harrigarri bat erori zen aldapan behera jauzika. Gerrari franko bat zanpatuz pasatu zen. Besteak geldirik zeuden, erasotzaileak zenbat ziren eta nondik helduko ziren jakin arte ezer egiteko asmorik ez balute bezala. Hirugarren arroka bat ere jauzi zen goitik behera troparen gainera, bi edo hiru franko zanpatu baitzituen, eta gero beste bat.Izua gainditu gabe, Errolanek arroka haiek miretsi zituen, lurraren barrutik aterako zituzten etsaiek, mendian behera frankoen gainera botatzeko, hain ziren borobil eta koloretsuak, ala zerutik erortzen ziren, mendi haietako kare edo harea harriak ez zirelako, baizik eta borobil eta koloretakoak. Eta, begiak gorantz miraz galdurik zituela, hurrengo halako arrokak jo zuen Errolan bera eta bota zuen zerraldo zaldi eta guzi lurrera.Errolanek, lurretik, begiak zabal-zabalik agonian, gerrari franko bati, ordurako erretagoardia hartan zutik geratzen zen bakarrari, aurrera joateko agindu zion, Karlomanogana, eta erasopean zeudela abisatzeko. Han joan zen gerrari frankoa, armadura erantzi ondoren, oinez, korrika, mendi lepoa gainditu eta Garazi alderantz lasterka, harik eta Karlomanogana heldu arte. Gerrari frankoak arnasestuka kontatuko zion Karlomanori eraso gupidagabe hura, eta derrota, horrek serios entzungo zuen artean. Erasotzaileak nortzuk ziren galdetuko zuen Karlomanok. Mendian behera arroka borobil ikaragarri eder batzuk jauzten besterik ikusi ez zuela erantzungo zion gerrari frankoak. Eta Karlomanok, eskua kokotsean, musulmanez egingo zuen gogoeta, eta euskaldunez edo dena delakoez, gertaeren lekura itzultzea erabaki orduko.Elkarrekin itzuli ziren batailaren lekura. Karlomanok gelditzeko agindu eta sekula belar hostoen azpian ezkutatu ziren biak. Handik ikusi zuen Karlomanok bataila ondoko paisaia, hilda zegoela Eginhard probestu eta seneskala, lurrean zanpaturik zetzala Anselm konde jauregikoa, suntsiturik Turpin apezpikua bere zetazko galtzerdi gorriekin, etzanda Olivier bere zaldi hilaren azpian, akabatuta Errolan bera, oiloaren tamainako euli erraldoia gainean zuela…Hantxe zautzan zalduneria frankoaren eredu paregabeak. Eta han ikusi zuen Karlomanok mutiko erraldoi bat mendian behera korrika.—Eta orain, utz ditzagun arrokak eta jauts gaiten fite –zioen ume erraldoiak teatralki–, igor ditzagun gure dardoak eskapatzen direnen kontra!Karlomanok gerrari frankoa besarkatu zuen, dardaraka, eta bien beldurra batu zen. Goiko sasiaren ondotik beste hiru ume erraldoi agertu ziren lasterka. Orduan, Karlomano ihesean abiatu da.—Eskapa! Eskapa! Indar eta zaldi dituzuenak! –diote umeek–. Eskapa zaitez, Karlomano errege, zeure luma beltzekin eta zeure kapa gorriarekin! Zure iloba maitea, Errolan zangarra, hementxe hilda dago!Ez zuen zaldirik ere alde egiteko. Koroa erori egin zitzaion, sekula belarraren enborraren oinera, zizare bat koroatzeko. Besteen gorpuak bilduko zituzten galdetu zuen gerrari frankoak. Ume haiek bilduko zituztela erantzun zuen Karlomanok, eta ezkutuan geratzeko.Ordurako, ume erraldoietako bat kristalezko kanikak biltzen ari zen belardian.—Akabo da! –protestatu zuen umeak, koloretako kanikak sakelara sartzen zituela–. Hemen, euria beti!Kanikak sakelara. Eta beste ume biek soldadu frankoak zakutora botatzen zituzten, banan bana. Jokoa hasi aurretik kontatuta zituzten, hamahiruak, eta orain berriz zenbatuko zituzten, jostailurik ez galtzeko.—Zenbat dira? Konta itzak ongi –eta gehienetik bakoitzera kontatzea zen azken jokoa–. Hamahirur, hamabi, hameka, hamar, bederatzi, zortzi, zazpi, sei, bortz, lau, hirur…Errolanek, konorterik gabe, hieratikoki onartuko zuen bere patua. Ume esku erraldoiak airean altxatu eta hileta arranditsurik gabe jaurtiko zuen jostailuen zakutoko hobi komunera.—Euria da eta sar zitezte etxerat, goiti beheiti busti baino lehen! –entzun zen boz ikaragarri latz bat–.Baldeak bezalako tantak jausten ziren, sekula belar erraldoien hostoak astindu eta Karlomano eta bere lagunaren gainera.—Bi falta dira, aita!Baina etxeko jaunak, autoaren erremolketik, ozen agindu zuen:—Atertzen duenean bilatuko ditugu!
Argazkia
Argazkia

Exprai