Belagilearen kaia

Txanpona

Joseba Sarrionandia
Cartagena de Indias, 1741
Argazkia
Argazkia

Exprai


–Nor da txanpon horren bueltan belauniko agertzen den hori?
—Blas Lezokoa, Indietako Cartagena hiriko buruzagi espainola, britainiarrak suntsitu eta umiliatu zituena.
—Ingelesek Indietako Cartagena erraz okupatuko zutela pentsatzen zuten, ezta?
—Hain sinetsiak ziren beren garaitzan, non txanpon berriak irarri ere egin zuten, aldean «Britainiar heroiek Cartagena hartu dute 1741eko apirilaren 1ean» izkribua eta itsas guduaren grabatua, eta, beste aldean, «Vernon almiranteak azpiraturiko espainiar ezpata harroa» izkribuarekin Lezoko Blas bera ageri da figuraturik bere ezpata Edward Vernon almiranteari errenditzen.
—Zer egin zuten gero txanponokin?
—Bentzutuak izan zirelako berria hedatu ondotik, txanponak inolako baliorik gabe geratu ziren. Hondamen handia izan zen Armada ingelesarentzat. Txanponak bildu zituzten eta haien gaineko agiriak gordatzera entseatu ziren.
—Baina ingelesen erasoa bortitza izango zen.
—Bai, hagitz bortitza izan zen. Cartagenakoa Mendebaldean eraikiriko gotorleku militarrik handiena zen. Hiru zubiko zortzi itsasontzirekin heldu ziren britainiarrak, laurogeita hamar kainoi ontzi bakoitzean. Areago, bi zubiko hogeita zortzi ontzirekin, berrogeita hamar kainoi ontzi bakoitzean. Eta oraindik, hamabi fragata, berrogei kanoirekin bakoitza. Ehun eta hogeita hamar itsasontzi gehiago soldaduteria garraiatzeko, zein baitzen hamar mila oldar-gizonekoa. Horietarik ia hiru mila Ipar Amerikako kolonietakoak, Lawrence Washington buru zekartela, geroko Estatu Batuen libertate-emaile George Washingtonen anaia. Jamaikatik mila beltz matxetezale ere ekarri zituzten, gehi ia hamahiru mila marinel. Beraz, armada ikaragarria zen…
—Espainolek ere izango zuten defenditzeko zerbait.
—Espainolek ia mila su-aho zituzten, fortifikazio gainetan barreiaturik. Hiru mila armagizon, gehi ehunka indio, probintzia barrenetik Cartagena defenda zezaten ekarriak.
—Indietako Cartagena ingelesek harrapatu izan balute?
—Ameriketako Tesoroaren Bideko portua zen hura, eta Antilletarako giltza. Baina ingelesek ez zuten Cartagena soilik gutiziatzen. Cartagena irabazi ondotik, handik abiatu eta Nueva Granada osoa bere egin nahi zuten, eta gero Peru eta Ande mendietako zilar-meategiak. Hego Amerika osoez jabetu nahi zuten eta erdietsi izan balute 1741 hartan historia kanbiatuko zela ez da dudarik.
—Eta nor zen, ba, historia ez aldatzea lortu zuen Blas de Lezo hori?
—Pasaiatarra, 1689ko otsailaren hamahiruan sortua mundura. Hamabost urterekin famatu zen, 1704an, Espainiako suzesio gerran, noiz ere Gibraltarreko batailan Edward Vernonen kontrako borrokan kanoikada batek kolpatu eta ezkerreko zangoa erauzi baitzion, menbru hura hantxe bertan anestesiarik gabe moztu ziotelarik. Alejandro de Borbonek Louis XIV. Frantziakoari gutun bat idatzi zion errateko ezen ez zuela nehor ezagutu mutiko hura baino ausartagorik. Felipe V.a Espainiakoak bere Ganbara Laguntzaile nahi zuen hartu.
—Baina Blas de Lezok itsasoan jarraitu zuen, ezta?
—Itsasoetako gerretan jarraitu zuen. Peñíscolan, Genoan, Bartzelonan, batailak irabazi eta gorputz zatiak galdurik. Toulousen, kainoi ezpal batek kolpatu eta ezkerreko begia galdu zuen. Felipe V.aren Armadarekin zihoalarik, moskete bala batek kolpatu eta, tendoiak ebakirik, eskuineko besoa suntsitu zion.
—Ezkerreko zangoa, ezkerreko begia eta eskuineko besoa galdu zituen orduan?
—Hogeita hiru urte zitueneko, hankamotz, begibakar eta maingua zen. Horregatik deitzen zioten hemen Gizon Erdia.
—Hala ere, itsasoko gerretan jarraitu zuen. 1715ean, Mallorca konkistatu zuen Espainiarentzat. Ondotik, Perura joan zen, Itsaso Pazifikoko piratak eta kortsarioak garbitzera. Indietan Josefa Pacheco de Bustos andere aristokratarekin ezkondu zenean, Marina Jenerala zen. 1731n, Genoak Espainiari zor zizkion bi milioiak koberatzera joan zen, sei itsasontzi jarri zituelarik Genoako portuan hiria bonbardatzeko mehatxuarekin, harik eta genoarrek dirua pagatu eta espainiar banderapetik iragan arte. 1732an, orduan musulmanen kontra, Orango gotorlekua errekuperatu zuen Espainiarentzat. Eta 1741 horretan, britainiar Armada ikaragarriaren kontra Indietako Cartagena 67 egunez defenditu zuen Gizon Erdi horrek.
—Eta Beste Erdia?
—Beste Erdia sorterrian geratu zen, Pasaian, eta badakizu halako portu txikietako bizimodua. Arrantzale gizajoa, sare atonketara emana, noizean behin mozkor batzuk, mutil ona, eta mutilzaharra… Jendearen urrikalkizun izan zen, gaixoa, falta zituen gorputz zatiengatik.