Izan Ginena

Deustua, 1937: Gudarien azkena

Argazkia
Argazkia


Alvaro Hilario

Gaur egun ezagutzen dugun Bilbo aitzineko hiru elizatek –Deustua, Abando eta Begoña– eta Bilboko hiriak berak osatua da. 1925ean Bilbok Deustua bereganatu zuen. Harrez gero, tomateek eta Unibertsitateak eman diote ospea. Gutxi batzuek dakite, ordea, 1937an gerrarako armagintza gorde zuela, Unibertsitatea bera kontzentrazio eremua izan zela edo George L. Steer kazetariak haren suntsiketaren berri eman zuela «Gernikako arbola» liburuan. Hona hemen gertaera haien inguruko lerro batzuk.
1936ko irailaren 25ean, hegazkin frankistek Bilbo eta Durango bonbardatu zituzten lehenengo aldiz. Sei egun geroago, Madrilgo legebiltzarrak euskal autonomi estatutua onartu zuen, Elgetako Estatutua deritzotena: egun haietan, Mola jeneralak Bizkaiaren kontra hasitako erasoa eten behar izan zuen, Elgetako Intxorta mendietan. Itsasertzetik hasita eta Deba haranetik jarraituz, Besaidek, Saibigainek, Udalaitzek eta Intxortak osatutako lerroa fronte bilakatu zen. Errepublikanoek Eibarri ere eutsi zioten. Bergaran kantonatutako errekete nafarrak eta Fronte Popular eibartarrak sortu zuen Amuategui batailoia aurrez aurre zeuden. Gizon armatuak eta hirian egoteko baimenduak ziren emakume gutxi batzuk izan ezik, ez zegoen beste inor. Hutsik ziren Eibarko fabrikak ere: urriaren 18an, Eusko Jaurlaritzak fabriketako militarizazioa arautuko zuen dekretua kaleratu zuen; frankisten mehatxua hain gertu izanik, armak egiteko tresneria osoa eta eibartar asko lekuz aldatzea erabaki zuten. Eibarko zinegotzi sozialista zen Benito Galarragari egokitu zitzaion dekretuaren bidez Deustura eramanak izan ziren Gipuzkoar Guda Gintzak zuzentzea. Deustuko Salesianos ikastetxean kokatutako lantegi berrietan balak eta kartutxoak egin zituzten. Mauser fusila ere han egingo zuten, Eusko Jaurlaritzak emandako 300.000 pezetako maileguari esker. Etxebizitzaren falta ez ezik, Deustura joandako eibartarrek jantziena ere nabari zuten, hain azkarra izan zen herritik irteteko agindua. Etsaia hurbildu ahala, Gipuzkoar Guda Gintzak Kantabriako Cabezón de la Sal herrira eraman zituzten. Ibaizabal eta Artxandako mendilerro txikiaren artean kokatuta, hamabi urte lehenago Bilbok irentsia zen Deustua. Eraiki berria zen Deustuko zubia eta behin izandako nekazaritza kutsua galtzen hasia zen. PSOEk, EAEk, IRk, EAJk, UGTk eta PCk eratu zituzten milizietan antolatuak ziren hainbat deustuar. Datuen arabera, hogeita hamar deustuar hil ziren 1936-37ko tartean, Euskal Herriko, Madrilgo eta Asturiasko fronteetan.
1937-1940 tartean 189.000 izan ziren Deustuko Unibertsitateko kontzentrazio eremutik pasatu ziren lagunak, 185 han fusilatuak izan zirenpresoak eta 185 osasun arreta eza zela-eta hil zirenak..
1936ko urrian hasi ziren Bilbo gordeko zuen defentsa eraztunaren lanak. 100.000 pertsonak hartu zuten parte Burdinazko Gerrikoaren eraikuntzan, haietarik 8.500 soldatapeko langileak zirela. Urduliztik Muskizeraino, Zornotzatik pasatuz, tunelez, bunkerrez eta lubakiz beteriko 80 kilometro. Gerrikoaren %28 baino ez zegoen ondo hornituta; bunkerretako zabaldurak handiegiak ziren eta lubakiak lerro zuzenean eginak ziren; hau da, gerra estatikorako prestatua zen defentsa (Maginot Lerroa bezala), abiaziorik gabeko gerra baterako. Dakigunez, erabakigarria izan zen abiazioa: frontean bertan eta infanteriaren erasoa ahalbidetzeko etengabeak ziren defentsa lerroak apurtzeko bonbardaketak; etengabeak ziren Bizkaiko hiriek jasan zituztenak ere; batzuek zein besteek defendatzaileen morala txikitzea zuten helburu.

Agur, Intxorta maite

1937ko udaberriarekin batera ekin zioten frankistek Bilboraino eramango zituen erasoari. Lau nafar brigadetako 28.000 gizon, erregularrak, ehun eta berrogei hegazkin (haietako hirurogeita bost Legión Cóndorrenak ziren) eta kanoi asko ziren Molak Bizkaian sartzeko prest zituen indarrak. Agirrek 40.000 pertsona zituen 85 batailoitan antolatuta (haietarik hamabi asturiarrak eta zazpi Santanderkoak ziren) eta oso fusil gutxi. Martxoaren 31n eta apirilaren 2an eta 4an, Durango eta Elorrio bonbardatu zituzten, Otxandio, Zornotza eta Eibar bonbardatuak izan ziren lez. Apirilaren 26an Gernikaren txanda izan zen. Apirilaren 13an erasora pasatu ziren Eusko Jaurlaritzako miliziak baina laster eroriko zen CNTko Malatesta eta Isaac Puente batailoiek defendatzen zuten Udalaitz. 23an inguru osoa galduta, Intxorta mendietatik alde egin behar izan zuten gudariek eta milizianoek. 24an, matxinatuak Elgetan sartu ziren. Ondorengo egunetan berdin egingo zuten Markinan, Eibarren, Lekeition eta Durangon. Ekainaren hasieran Bilboko atean zeuden. 10ean Mola ordeztu zuen Llanos jeneralaren soldaduek Bizkargi mendia hartu zuten, Larrabetzun, Txorierrin. Hurrengoan, handik oso hurbil dagoen Gaztelumenditik (311 m) lortu zuten faxistek Gerrikoa apurtzea. Egun berean, Bizkargitik eta urrunago zeuden baterietatik botata jausten ziren obusak Bilbon. 14an eta 15ean Deustua bonbardatu zuten, Doneperi auzoa suntsitu. 16an, Bilbo eta Basauri artean dagoen Malmasin mendia, ekialdean, menderatu zuten; bitartean, iparraldetik, Txorierri eta Bilbo bereizten dituen Artxandako mendilerro txikiko maldetatik eta iparraldeko muturra den Deustuko Banderas menditik nahiz Berriz auzotik zabaldu ziren erreketeak. Jo eta ke ziharduen Francoren artilleriak Artxandako Kasinoaren kontra, zein Agirrek berak ordu gutxi lehenago bisitatu zuen. Mendebaldeko sarbideak zaintzen zituen Banderas mendiko gotorlekutik alde egin behar izan zuten Asturiasko dinamitari komunistek, akaso Eibarko Amuategui batailoikoak lehergailuetan trebatzen ibili zirenek.

Azken erasoa

«Ostegun goizean zerbait ezberdina ikusteko esnatu ginen. Azken Epaiketarena bezalako karraska entzun genuen. Goizeko seietan, tontor osoa, Berriztik irrati estazioraino, ke gortina baino ez zen eta eraikinek hain gogor egiten zuten dardara ezen oheak mugitzen baitziren. (…) Erlojuak atera genituen eta denbora hartu genuen. Minutuko laurogei obus eta batzuetan ia ehun bat. Etenik ez. Ez zen tontorra ikusten». Horrela deskribatu zuen George L. Steer kazetari ingelesak azken eraso haren hasiera «Gernikako arbola» liburuan. Bi ordutan 10.000 jaurtigai erori ziren Artxandatik Berrizera dauden lau kilometroetan. Bi orduko saio hura beste hirutan errepikatuko zuten. «Deustuan, itsasadarraz bestalde, ke zutabe zuriak altxatzen ziren, kolore gorriko suzko aihen-belarrek deabruaren abiadaz igotzen zituztenak». Sutan zegoen Deustua erabat eta galduta Banderas mendiko gotorlekua. Dena galduta zirudiela, 17an Kirikiño, Itxurkudia eta Itsasalde gudari batailoiek gotorlekua eta Artxanda berreskuratu zituzten. Lehendakariak eskatu zien azken esfortzua zen hura. Haietarik erdiak ez ziren bueltatu. 19ko ordu txikietan, azken gudariak aurrerago lehertuko zuten Deustuko zubitik pasatu ziren. Erreketeak Deustutik eta Begoñatik sartu ziren Bilbon. Bederatzi hilabete Euskadiko hiriburua izan zena Francoren esku zegoen.
Sartu orduko, irabazleek presondegi bihurtu zuten Jesusen Lagundiaren Deustuko Unibertsitatea. 1937-40 tartean 189.000 izan ziren Deustuko Unibertsitateko kontzentrazio eremutik pasatu ziren lagunak, 185 han fusilatuak izan ziren presoak eta 158 osasun arreta eza zela-eta hil zirenak.