3.erreportajea
Argazkia
Argazkia

Mikel Santakiteria

Felipe II.aren hogei euskal gutunak

Edorta Jimenez
«Franciacouak emen duiela batailla duce de Umenaren eta espaionlen countre, erege cauzi dela eta mous de Anbila Franciaco Counestabliaren anaia baita houra hil, haniz bi aldetaric, hamasei mila, baratu ditucu canpouan»

Atarratze. 1595ko udaberria. Charles Luxako jaunaren alaba bakarrak, Carlota-Catalinak, gutuna idazten dihardu. Delako gutuna Nafarroa Garaiko Erresumako orregeorde Thomas Calderon delakoari zuzendua da. Euskaraz jatorrizkoan, enperadorean eskuetara gaztelerara traslaturik iritsi behar da-eta, norbaitek bigarren hizkuntza horretan moldatu du. Otxagabian, hilaren 12an hain zuzen igorria, Felipe II enperadorerentzat berri onak dira horrek dakartzanak. «Erege cauzi dela eta mous de Anbila Franciaco Counestabliaren anaia baita houra hil» dela dio. Aipatu errege, Frantziako Errege Enrike IV da, Enrike Nafarroakoa. Enperadorea eta bera elkarren kontrako gerretan sartuak dira. Bigarren horren tamalerako, gutunean bertan zuzendurik dator Frantziako errege zauritua delako albistea. Ez omen da horrela.
Luxakoaren alaba Carlota-Catalinak paratu gutuna euskaraz izkiriaturiko hogei gutuneko halako sorta bateko lehena da. Sorta, José Manuel Floristan Imízcozek idoro zuen, Simancasen (Espainiako Erresuma) delakoan dagoen Archivo General horretan, eta Fontes aldizkarian argitara eman, 1993an. Bada, datuok emanda eta lehen gutunera itzulita, garaiko giroan murgiltzen hasteko gutun hori berori aski,. Beste hemeretzietan sartu ahala irakurlea urte haietako gertaeretan barna datuz datu eta dataz data doa, baita surrumurrik surrumurru ere.
Halaxe, Rouen hiritik zazpirehun lagun atera dituztela diosku hurrengo gutunak, horren ostekoak bezalaxe Urtubiko andrearen eskuak izkiratua denak, Baionan. Berri egiazkoak sumurruekin nahasten dira. Horrela, Ingalaterrako armadari buruzkoak nahiz Amiens hiriaren setiori buruzko berriak, zalantzazko beste batzuekin nahasten dira, surrumurruetan oinarrriturik Calais inguruaturik ote dagoen esaten baita. Surrumurruak norainokak diren zazpigarren gutunean Urtubiko andereak Errege Felipe hila den berria iritsi zaiola dio. Surrumurruen bidea direkzio bikoa da, ostera, zortzigarren gutunean inguruetan, Baionan hain zuzen, izurririk ez dagoela baitio.
Gutuna banan-banan hemen aztertzeko tartetik ez dugunez, testuak ezagutzeko gogoa egin zaion irakurleak hobe duke irakurleari horietara zuzenean jotzea. Esukararen historiaren aldetik gutunok duten balioaz landa, besterik ere antzemango du. Alegia, Surrumurrez landa, gutunetan zorrotz begiratuz garaiko espiotza sareen egituraren zantzu bat edo beste.
Felipe II.ak bere agintaldian barrena diplomaziaren eta zerbitzu sekretuen informazioen jokatu zituen bere karta nagusiak. Izan ere, zerbitzuok ez ziren diplamaziaren aldaera edo adarretako bat baino. Bada, diplomazioa zein zerbitzuak, biak ere biak hedarazten, sendotzen eta hobetzen enperadoreak, Estatu Kontseiluaren buru eginez, urteak eman zituen. Europa, sartaldetik mendebalderaino, ipar eta hego, eskupean edota begipean ukaitera iritsi arte. Inperioren azalera eta boterea nolakoak, diplomaziaren ahaleginak ere holakoak. Eta ahaleginok inon handiak izan baziren, Pirinio inguruetan izan ziren. Hain zuzen ere, Bearno aldean eta, are zuzenago, Baiona hiriaren inguruan.
Felipe enperadoreak luzaz gutiziatu izan zuen Baiona. Hil arte, esan daiteke. Hura 1598an hil zelarik Lapurdiko hiruburua menderatzeko azken ahaleginaren oihartzunak airean kantari segitzen baitzuten. Enperadorearen zebitzuek huts egin zuten, eta gaitzerdi oihartzunok.
Zerbitzuen erpinean Estatu Kontseilua zegoen baina, enperadorea bere batzar guztietan bertan izatea ezinezkoa izanik, hango idazkarien eskumena zen informazio zerbitzuon atondura eta funtzionamendua. Espien abisuak –uler bedi txostenak edo berriak- horiexei zuzendu izaten zitzaizkien.
Lapurdiko eta Bearnoko informazio sarearen bitartekaria, Kontseilurako bidean, Nafarroa Garaiko erregeordea izaten zen, edo bestela Hondarribiko gotorlekuaren alkatea, aintzat abisuen igorlea.
Bada, Erregeorde izendura alde batera, inperioaren egitura abosultistago eta zentralistago bilakatuz doan heinean, erregeordeok ere estatu kontseiluaren aginduak bideratzeko tresna huts bilakatuz doaz. Erabakimenik gabeak, alegia. Areago, Felipe II.aren heriotzaren osteko egunetan Espia Nagusia delakoaren kargua sortu da. Hori, baina, euskarazko gutunek hartzen duten tartearen ostean izan zen eta, utz dezagun lerrootatik kanpo. Ordura arte funtzio hori, kargua aipatu gabe bazen ere, Nafarroako Pedrok bete izan zuen. Nafarroako Mariskal zeritzon Pedro haren ondorengoetako batek, noski.
Gutunetara itzulita, Diplomaziak eta espiotza saretako beste mailak osatzen zituzten informatzaileen ezaugarrietako batzuk horiexetatik atera ahal ditugu. Lehenik baina, ondo bereiztu behar ditugu agenteak eta informatzaileak. Euskarazko gutunen paratzaileak bigarren multzokoak ditugu, alegia, abisuak helarazten zituztenetakoak. Besteen zeregina, agenteena, konplexuagoa eta politikoagoa izaten zen. Bada, informatzaileen artean hortxe dugu, esate baterako, Luxeko jauna, katolikoa bera, Erromako erlijioaren mendeko enperadorearen aginduak betetzeko prest. Fedean hura aide duelako, ezen ez errege duelako. Fedea izaten baitzen bateko edo besteko sareetan parte hartzeko edo ez hartzeko motibo nagusietakoa.
Espiengan eragiten zuten beste arrazoi, akuilu edo motiboen artean, nork bere fortunaren bilatzea zegoen. Eta inondik ere gutxiestekoa ez den hirugarren arrazio edo motibo handi bat ere bada, agenteen artean gehienbat; norberaren izenaren ospea eta loria.
Informatzaileen modus operandis delakoaz, berriz, horra sortako hamargarren gutuna. Horretan Urtubiko andreak Arrotxelatik etorri den patatxe –ontzi txiki- batek ekarri dituen berrien berri ematen du eta, ondoren, Baionan etxera gonbidatu dituen sei ingelesekin izan dela dio. Bada, horra irudikatu ahal dugun informazio bidea. Urtubiko andreak berriak biltzen ditu, batik bat Baionara ontziz iristen direnetatik, gero gutuna paratzen du eta, azkenik, hori agenteren bati helarazten dio. Euskaraz, bai.
Gutunok, 1595a eta 1598a bitartean izkiriatuak, altxorra dira. Eta ez nolanahikoa. Eurotako azkenera iristen den irakurleak amets egiten dezake, lehenego egin ez badu behinik behin, horretan esaten direnak eleberri tankeran irudikatuz:
Jauna: oraindic ezcin gastiga nizcoie / zure snoriary cer quantitate mercaduria / dens, zeren oraindic ez paita adrezatu deusic / behar den bezala. Paqueta compli dadinean / behar den bezala, orduan ez dut faltatuco abisacera. / Inglesen berriric ezin gastiga niazacoyo zure / senoriary, gastigatu diodan baino berry / frescoagoric zeren beroc ere ez paitaquie (…) Arochelatic gizon bat etorry omen da, / eta omen dio ezin eregeren magestateary eta / Nantes erendatu zayola, eta duc de Mercura preso / berarekin eraman duela (…).
Beraz, besterik ez, salbu eta gutuneria irakurtzeko helbidea ematea: Gozatzekoa.