Argazkia
Argazkia

PSE eta PSNko ordezkariak Gernikako Arbola abesten.

Izan Ginena

Nafar Marginalia (V)

Ezkarozeko txoria, nun haiz kantari?

Josu Chueca

Anitz izan ziren hura bezalakoak 1970eko hamarkadaren hasieran. Gazte eta iraultzaile, apez eta gorri. Iruñerriko elizetan, auzoetako apezetxeetan, garai bateko apez nafarrek beste itxura zuten. Izan ere, karlismoaren, nazionalkatolizismoaren edo Opus Deiren sustatzaile izan ordez langileriak bere egin zituen errebindikazio eta proiektuen babesle sutsu ziren haietako asko.
Apezak prestatzeko Iruñean zegoen makina erraldoia, apezgaitegia alegia, nahiko hutsik zegoen ordurako, 1967z geroztik batzuen eta besteen konpromiso politikoa zela medio, egundoko hustea suertatu zelako. Dena den izan ziren Gabriel Urralburu bezalakoak, Elizaren baitan jarraitu nahi izan zutenak eta, Garcia Salve, Llanos, Etxabe edo Kaltzada eredu zutela, herriarekiko konpromisoa gauzatu nahi zuten zeuden tokietan, borroka politikari helduz. Lizarraldean misiolari alemaniarrek sustatzen zuten Verbo Divino deitutako ikastetxean ari zen orduan Ezkarozetik joandako gaztea, Gabriel Urralburu alegia. Famatu bihurtu zen azkar batean Lizarran. Herri horretan bera baino apez borrokalariagoak zeuden arren, bera zen mezak gitarrekin eta herritarren parte-hartzearekin antolatzen zituen misiolari gaztea. La Merced deitutako ijito eta txiroen auzoan, gitarra hartuta, Gabonetako kantuak, herri kantak eta protestakoak zabaltzen aritu zen ezkaroztarra urte horietan.
Kapitalismoa era zinikoz bezain pragmatikoz ontzat jotzen zuten bitartean, Urralburu eta enparauak Estatuko aginte faktikoetara makurtu ziren goitik behera.
Gazteekin izan zuen arrakasta zela eta, Iruñerrira, bere apezkide alemaniarrek Zizurren kudeatzen zuten ikasle egoitzara, bidali zuten, hor ere gazteen artean aritzera. Testuinguru berezia zuen hortxe. Ikasle gehienak Opus Deiko Unibertsitatean ikasten ari ziren eta Verbo Divinokoek zein Larraonako klaretiarrek zituzten egoitzak giro kontserbadorea erabat nagusia zuen unibertsitateko periferian gelditzen ziren helduleku bakarrak ziren. Hor ere G. U. gorrien kredo berriak zabaltzen aritu zen. Larraonaren antzera, bere egoitza, hitzaldi eta bilera politiko askoren lekua izateaz gain, orduan berregituratzen hasi zen alderdi sozialistaren babesleku nabarmenetakoa izan zen. Berandu, oso berandu, berreratu baitzen PSOE delakoa Nafarroan. Hori gertatu zenean, Iruñean, alderdi taxi horietakoa zen. Urralbururekin batera, 1976ko udaberrian, Carlos Artundok, Javier Asiainek eta Jose Ramon Ganuzak, alderdi sozialistari hasiera eman ziotenean, alderdi horren buruan apez bat ahalbidetu egin zuten, gerra aurrean ezinezkoa izanen zena. Langile oinarririk ez baina lerro politikoari dagokionez, aurreratuenetakoa. The Militant korronte troskistazalearen jarraitzaileak PSOEn laketu ziren bitartean, Urralbururen eskutik, Nafarroako erakundeak, naturaltasun osoz, gainontzeko euskal federazioekin egin zuen bat, Euskadiko Alderdi Sozialista, PSE delakoa, 1977ko urtarrilean burutu zuten biltzarrean egituratu zutenean. Hor, euskal alderdi horren egituran, Urralburu beti buru, 1982 arte egonen ziren, PSN deiturikoaren bitartez bereizi ziren arte.
Argazkia
Argazkia

Urralburu, gitarrarekin eginiko agerraldi batean.

Haren alderdiak estatuko lehen hauteskundeetan izan zuen uste gabeko emaitza bera izan zuen Nafarroan. Izan ere, alderdi txiki hori, diktadura frankistaren amaiera aldean izandako aurkako borroketan ia-ia hutsaren hurrengoa izan zena, bigarren indarra suertatu zen, 1977ko ekainaren 15ean izandako bozketetan. Horri esker, Gabriel, apeza eta sozialista nafarren buruzagia izateaz gain, parlamentari bihurtu zen. Hori zela eta, Julio Gartzia alderdikide nafarrarekin batera, 1977ko ekainaren 19an sortu zen Euskal Parlamentarien Asanbladan aritu zen lehen unetik.
Egituratu zen egunean, Gernikan berriro, gitarrarik gabe bazen ere, kantari izan genuen ezkaroztarra. Arbolaren pean kantatu ez ezik bistan zegoen nafar sozialistak autonomiaren helburua gainontzeko euskal sozialistekin eta parlamentariekin erdiesteko prest zeudela.
Ez dugu kantuketa gehiagoren berririk. Aitzitik, ugari izan ziren orduz geroztik Urralburuk egindako adierazpen aurrerakoi eta euskaltzaleak. Apeza izanda ere, Elizak abortuari buruz edo dibortzioari buruz zituen ikuspegi itxiak kolokan jartzeko prest zegoen. Era berean, manifestazioetan eta egindako adierazpenetan behin eta berriro aldarrikatu zituen euskal autonomiaren baitan Nafarroak izan beharko zituen lekua eta garapen politikoa.
Urralbururen agintaldietan, eskumak amets zezakeen politikarik nabarristena aurrera eraman zuen ezkaroztarrak.
Baina alderdi sozialistak estatuan izan zuen bilakaera eta eredutzat hartu zuten erakunde horretako kideek Nafarroan. Agintera iristeko programa eta lelo aurrerakoiak zokoratu beharrezkoak baldin baziren, aldatuak izanen ziren. Kapitalismoa era zinikoaz bezain pragmatikoaz ontzat jotzen zuten bitartean, Estatuko aginte faktikoetara makurtu ziren goitik behera. Herrialde horretan, partaideez eta garaiez, frankismotik zetorren Diputazioak Union de Centro Democratico delakoak eta Barne ministro zen Martin Villak adosturiko foru erreformara ere, zeina gainontzeko euskal lurraldeetatik Nafarroa bereizteko prestatu zuten, egokitu ziren sozialista nafarrak.
Aldaketa horien gidari G. U. izan zutelako bera izan zen erreforma horren gailurraren burua, Nafarroako presidentea hautatuta, 1983z geroztik. Azken batean, aldaketa horiekin, eskuma espainolzaleak sustaturiko nafarzalekeriarekin lerrokatu zen. Urralbururen agintaldietan, eskumak amets zezakeen politikarik nabarristarena aurrera eraman zuen ezkaroztarrak. Euskal ikur guztiak desagerrarazten saiatu zen, euskarari lege murriztailea ezarri zion eta gainontzeko euskal lurraldeekin izan zitezkeen harremanak lekutara bidali zituen. Bestetik, bere alderdikide zen Soltxaga ministroari kasu eginez, aberasteari ekin zion jo eta ke, txapelokerren buru baten babesaz eta harmonian. Alderdi taxian izan zituen kide gehienez ahaztuta, La Merced bezalako auzo txiroei edo langileei bizkarra emanez, beharginen alderdi ordezkari zena lapur eta iruzurgile lanetan aritu zen agintaldian egon zen bitartean.

Txoria kaiolan

Horren ondorioz etorriko zitzaiona ezaguna dugu. Bere balentria-kideekin batera, harrapatu eta epaitua izan ostean, presoaldi laburra bezain berezia izan zuen apez kantari izandakoak. Aspaldidanik kitatu omen zituen bere zorrak justiziarekin. Orduz geroztik marginalien linboan dugu ezkaroztarra. Nun den kantari, ezta kantatzen duen ere, ez dakigu. Egia esan, guri bost axola. Baina bere hondamendiarekin batera Nafarroako alderdi sozialistarena etorri zen. Alderdi horrek harro adierazten zuen leloa, 100 urteko onestasuna aldarrikatzen zuena, behin betikoz hormetatik jaistearekin batera, hondora joan zen urte askotarako. Otanoren agintaldi labur bezain xelebrea deskalabru baten hasiera izan zen. Horren ostean, UPN nagusi izan dugu Nafarroan. Madril aldean agintea eskuratzeak hemengo sozialisten politika aldaketa gorpuzteko balioko zuelakoan geundela, azken urteetako negoziaketa eta bozketa xelebreekin itxaropen oro deuseztatu dira. UPNk ez du CDNren beharrik, aliatu eta morroi zintzoak eta ugari baititu Urralbururen ondorengoen artean Espainiako aginteari eusteko, prest daude Chivite, Jimenez eta enparauak ez trantsizioko lehen urteetan izan zuten politika eta jite euskaltzalea ahazteko bakarrik, baizik eta ezker langileari legokiokeen politika, gizarte aldaketa sakona sustatu beharko zuena, erabat baztertzeko. Bistan dago kaiolatik kanpo dagoen Ezkarozeko kantoreak kantatzen ez duen arren bere txorrotxioek oraindik Ferrazeko eta Sarasateko egoitzetan gogor jotzen dutela. PSNk beste kantore mota eta antzinako partiturak berreskuratu arte, desafinatzea izanen dugu nagusia jotarien eta kantoreen eskualde horretan