Izan Ginena

Nafar marginalia (II)

Julia Alvarezen erbesteak

Josu Chueca
Argazkia
Argazkia

Julia Alvarez, ikasleekin. (Altaffaylla)

Ez bilatu Gran Enciclopedia de Navarra delakoan, ezta Enciclopedia General del País Vasco deitutakoan ere, ez baituzue aurkituko lerro xume bat ere hari eskainia. Izan ere, Altaffaylla Kultur Taldeak, lehen aldiz 1986an, kaleraturiko lan miresgarrian azaleratu zen arte ahanzturaren putzuan guztiz sartuta zegoen Julia Alvarez Resano, Villafrancan jaiotako buruzagi sozialista. Orduz geroztik, 1936ko gerraren ondorengo erbestearen inguruko lanetan edo emakumeei buruzko ikerlanetan mereziko luken baino leku apalagoa izan du ekintzaile ezkertiar hark.
Emakume horri jauntxo, txiro, lurjabe handi eta lurrez gosetuen lurrean egokitu zitzaion haztea, eta heztea, irakaskuntzan eta politikan aritzea. Erriberako Villafrancan, 1903ko abuztuaren 10ean munduratu zen Julia eta hortxe bertan irakasle genuen II. Errepublika aldarrikatu zen egunetan. Bera, hasierako errepublikanismo ezkertiarretik abiatuz, laster oso lerrokatu zen esparru sozialistan, UGTko eta PSOEko buruzagitzan hain zuzen ere. Bere eskualdean lur auzia gori-gori zegoelako, aurrez aurre izan zituen Tomas Dominguez Arevalo, Rodezno kondea, bezalako handikiak. Baina kikildu ordez, ekimen politikari ekin zion buru-belarri 1931ko apirilak ireki zuen aro politiko berriaz baliatuz. Hori dela eta, Aquiles Cuadrak, Sixto Alonsok… lagunduta, Juliak inork baino hobeki gorpuztu zuen Errepublikaren irudi berritzaile eta errebindikatzaile, andre gazte baten bitartez irudikatzen zena, alegia.
Mitinak mitin eta Trabajadores astekari sozialistan berak idatzitako artikulu ugarik hedatu zituzten Nafarroa osora Villafrancako maistra ezkertiarraren eragin eta ospea. Baina, 1933 eta 1936ko hauteskundeek nabarmendu zutenez, eskumatik kanpo zeuden esparru politikoek Nafarroan arras zaila zuten beren ibilbide politiko parlamentarioa burutzea. Aipaturiko hauteskunde horietan bertako Eskumen Blokeak, diputatu guzti-guztiak eskuraturik, ederki frogatu zuen sektore kontserbadoreek zuten nagusigo politikoa.
"Lan komuna dugu Nafarroan, euskal estatutua. Nafarroa hor kosta ahala kosta sartu behar dugu. Hara joanen naiz jakinarazteko"
Hori kontuan izanda, hainbat politikari, Eusko Alderdi Jeltzaleko Manuel Irujo eta Izquierda Republicanako Mariano Anso errate baterako, behartuak izan ziren Nafarroatik kanpo beste barrutietatik beraien burua aurkezteko parlamentura iristeko asmoz. Julia Alvarez bera 1933ko bozketetan Nafarroatik eta Gipuzkoatik aurkeztu zen arrakastarik gabe. Aitzitik, 1936koetan, parlamentari hautatua izan zen. Orduan, Madril aldeko Alucheko Rosario de Acuña eskolen zuzendaria zelako hiriburuko Fronte Popularraren zerrendan aurkeztu zen eta 98.099 botorekin eserlekua eskuratu zuen, Margarita Nelken, Matilde de la Torre, Victoria Kent eta Dolores Ibarruri emakume ezkertiarrekin batera.
Jakina, Errepublikak, 1936ko otsailaz geroztik, ez zuen aukerarik izan lehen urteetan izan zuen jite eraldatzailea berreskuratzeko. Izan ere, Fronte Popularraren garaipena gauzatu bezain agudo, matxino zibilek eta militarrek azkartu zituzten gerrarako prestatze lanak, lauzpabost hilabete geroago, Iruñetik Melillaraino lehertuko zirenak. Dena den, 1931ko apirilaren itxaropenak berpiztuta ziruditen 1936ko aro berrian: amnistiarekin batera, nekazaritza erreformaren bideratzea, euskal autonomiaren estatutua, parlamentuak berreskuratzea… agenda politiko berriko xede nagusi bihurtu baitziren. Julia Alvarezek berak, Parlamentuko Autonomien Batzordekoa izanik, itxaropentsu idatzi zion Manuel Irujori: «Lan komuna dugu Nafarroan, euskal estatutua. Nafarroa hor kosta ahala kosta sartu behar dugu. Hara joanen naiz jakinarazteko». Ez dakigu asmo hori gauzatu zuen edo ez, baina 1936ko ekainaren 15ean Nafarroako Fronte Popularreko buruzagi guztiek, ideia horrekin bat eginik, Madrilgo Parlamentura bidalitako eskaera batean galdegin zuten Nafarroak bat egin zezan gainontzeko euskal lurraldeekin, prestatzen ari zen euskal estatutuan hain zuzen ere.
Gerra hasi zenean, Madril aldean hartutako jardun politikoak zirela medio, urrun zegoen Villafrancatik eta, hortaz, bere herrian bertan gauzatu zen errepresio bortitz bezain zabaletik salbu gelditu zen. Bestalde, erretagoardia errepublikanoan ardura politiko batzuei ekin zien bitartean –Ciudad Realgo gobernadore zibila izendatu zuten, 1937ko uztailean, estreinako aldiz emakume bat estatu espainiarreko historian izanik, eta geroago Espioitzaz arduratzen zen Epaitegi Nagusiko epailea–, PSOEko sektore batzuek hasi ziren erradikalizazio prozesuarekin bat egin zuen. Bakarrik gerra amaitzear zegoela, utzi zituen horrelako ardura politikoak, bere senar Amancio Muñoz diputatu sozialistaren hilzoriak behartuta. Eten horrek ezinbesteko jarraipena izan zuen, Kataluniatik 1939ko neguan, bueltarik gabeko erbestera jo behar izan zuenean. Goi mailako politika utzita, Pirinioez bestalde egokitu zitzaion irakasle lanari berrekitea eta ume errefuxiatuendako kolonietan aritu zen, Villafrancan maistra ari izandako urteak gogoraraziko ziona.
Argazkia
Argazkia

[[javascript:AbrirVentanaScroll('muestra_foto.php?Foto=fotos_originales/45b8e0df30.jpg&Ancho=600&Alto=262','',262,600)|handitu]]
Villafrancan, bere herrian, Juliari egin zioten omenaldiaren irudia. (Altaffaylla)

Komunistekin bat

Baina, Bigarren Mundu Gerra amaitzear zegoelarik, erbestean zeuden talde guztiak itxaropen handiz beraien estrategiak eta erakundeak gaurkotu nahian biltzarrak egiten hasi zirenean, Juliak eta beste hainbatek buru-belarri ekin zioten jardun politikoari. Juan Negrinen aldeko korronteko partaide izanik, gerra zibilaren eztabaidak eta hausturak zirela medio, Julia bezalakoen kontra jo zuten beste sektore sozialistek. Bera, esate baterako, ez zuten onartu, 1944ko irailaren 24an Toulousen, PSOEk atzerrian burutu zuen gerra osteko lehen biltzarrean parte hartzeko, Negrinen zalea zelako. Arbuiatze hartaz Julia eta beste sozialista batzuk komunistak bultzatzen ari ziren UNE (Unión Nacional Española) delakora hurbiltzera zigortu nahi zuten. Ildo beretik jarraituz, 1945ean komunistekin bat egitea defenditu zuelako alderdi sozialistatik kanporatu zuten. Hori zela medio, lur erbesteari politikoa gehitu zitzaion Julia Alvarezi eta, giroz aldatu nahian, itsasoz bestaldera, Mexikora hain zuzen ere, jo zuen aterpe bila. Hor igaro zituen, literatur lanak lagun, bere azken urte apurrak, 1948ko maiatzaren 19an hil zen arte.
Egun, azken garaietako oroimen historikoaren berrindartzea, bera bezalakoen gaineko isiltasuna puskatzen ari da, baina bistan dago oraindik lan eskerga dugula Julia bezalakoak ezagutarazteko, historiaren erbestetik gutxienez geureganatzeko.