Erreportajea

Kandido Saseta, itzalaren mugan

Iñaki Egaña
Kandido Sasetaren, gerra zibilean gudarien komandantea izan zenaren, gorpua aurkitu berri dute Asturias aldean. Bertan hil zuen frankotiratzaile faxista batek. Pertsonaia horren garrantzia eta bilaketa prozesuaren nondik norakoa islatzen dute ondoren datozen orriak.
«Txikia zuen guda izena, bera gizon osoa izan arren. Mendizabal, Sasetaren urrena, biak txiki bizkor eta lerden», zion Telesforo Monzonek idatzitako abestiak. Peio eta Pantxoren ahotik kanta ezagutu eta kantatu genuen Hendaiako, Uztaritzeko edo Baionako frontoietara joaten ginenean ikurrinaren koloreak usaintzera eta, bide-batez, garai horretako gudarien izenak ikastera. Eustakio Mendizabalaren ibilbidea, Txikia zuen guda izena, baita ezagutu genuen ere eta denborarekin berak egindako bertsoak irakurriko genituen. Ene aitonari esker Telesforo Monzonekin solasaldi bat baino gehiago izan nuen, lehenengoa Baionako Euskal Museoan eta geroago Donibane Lohizuneko bere etxean, Ganbeta kalekoa. Lapurdiko hiribururen Euskal Museoan hitzaldi bat ematen zuen Moreno Bergaretxek eta Monzonek, nire ondoan eserita, nor zen galdetu zidan. Nik ez nuela hizlaria ezagutzen azaldu nion baina nirekin etorri zirenek asko ezagutzen omen zuten Pertur. Eta erantzun zuzena zabaldu nion. Aprobetxatu behar nuen egoera. Ausartu nintzen, zer pentsatuko luke nik bezalako 17 urteko gaztetxo batek, eta galdetu nion: Zein da Txikiaren abestian aipatzen duzun Saseta hori? Eta erantzun luzea oparitu zidan. Berak egiten zuenaren antzera. Gogora datorkit bere ahotsa berezia eta bere eskuen mugimenduak. Monzonek eraikitako esaldi bakoitza bizirik zegoen.
Geroago jakin izan nuen Eusko Gudarosteko Saseta batailoia osatu zela gerra garaian eta gure aitona eta anaiak batailoi horretako gudariak izan zirela. Ez dut esango partaidetza ezkutatu egin zidatenik, baina, paperen artean mugitzen hasi nintzenean eta faltan nuen egia azaldu zuenerako, aitona oroimena besterik ez zen. Hilda zegoen. Gerra eta haren ingurukoa itzal handi baten azpian zegoen.
Monzonek idatzitako orrietara joan behar nuen berriz: «Saseta Gudarien buru da. Txiki, bizkor, alai, argi, sutsu. Apala da. Beldur ez ezagun». Orain dela gutxi, Jose Antonio Agirre lehendakariaren hitzak, Sasetari buruzkoak, irakurri nituen, Parisen antolatutako Euskal Kongresuan –gerra hasi eta handik 20 urtera– emandakoak. Nire konfiantza osoa zuen Sasetak, Agirreren hitzetan, arbasoen lurrari zion leialtasunarengatik. Hirukote mitikoa: Monzon, Saseta eta Agirre. Hirurak uzta oparoa, 1904koa hain zuzen ere.
Kandido (Maria) Saseta Hondarribiko Biteri eskoletan jaio zen. Ambrosio, aita, bertakoa. Ama, Fructuosa, zegamarra. Guraso zoriontsuak, 9 seme-alaba izan zituztelako. Familia handia, mantentzeko. Eta, horregatik, 16 urterekin Kandido Intendentziako Akademian sartu zen helburu zehatz batekin, mikelete izateko. Ez zuen lortu eta ibilbidea okertu zitzaion. Hogei urte bete zituenean, Ceutara bidali zuten. Ceutatik Tetuanera eta, geroago, Xauenera, Ipar Afrikako espainiar kolonietara. 1931n, Bigarren Errepublika sortu zenean, Kandido Ceutan zen. Bi urte geroago Burgosera eraman zuten, baina hilabete gutxi egin zuen zeren Melillara bidali zuten. 1936ko martxoaren 6an Armadako kapitaina izendatu zuten eta, Francoren jarraitzaileak matxinatu zirenean, Gasteizen zen.
Inguru etsai batean (Arabako hiriburuko kuartelak matxinatuen esku egon zirelako), Donostiara alde egin zuen. Telesforo Monzonengana joan eta borrokatzeko nahia azaldu zion. Kronikaren jarraipena ezaguna da: Loiola Basilikan bildutako Eusko Gudarosteko burua, gerran hiru aldiz zauritua (Usurbil, Errezil eta Legution) eta 1937ko otsailean Asturiasera joan zen Euskal Armadako komandantea. Eta heriotzarekin batera ospea etorri zitzaion, gerra amaitu arte. Gero, ahanztura.
Argazkia
Argazkia