Laurak bat

Andoni Esparza Leibar
Argazkia
Argazkia


Bizitza oparoa izan eta gero, Napoleonen inbasioaren ondorioz desegin zen Hirurak Bat ikurritza sortu zuen Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País elkartea.
XIX. mendean –batez ere bere azken herenean– faktore berri batek bultzatuko du lau lurraldeen arteko batasuna: foruei zuzendutako erasoa. Eta sarritan, gainera, Estatuak berak egingo du identifikazio hori. Lehendabiziko guda karlistek galdu zutenean, 1839ko urriaren 25eko legea onartu zen eta zera dio bere 1. artikulu famatuak: «Baskongadetako probintzien eta Nafarroaren foruak egiaztatzen dira monarkiaren konstituzio batasunaren kalterik gabe».
Hortaz, hurrengo urteetan, zabaldu zen vasco-navarro hitzaren erabilera.
1866. urtean hasita, Ramón Ortíz de Zárate arabar diputatuak Semanario CatólicoVasco-Navarro aldizkarian Laurac-bat izenburuarekin hamar artikulu argitaratu zituen. Garai haietan foru aldundiek elkarrekin aurrera eramateko proiektu batzuk zituzten –adibidez, orduan hemen ez zegoen unibertsitatea sortzea, eroetxea, lurraldeko auzitegia eta gai ekonomikoak– eta beraien arteko harremanak estutu zituzten.
Argazkia
Argazkia

Laurak Bat banderaren ustea. 1881ean aurkeztu zen Pariseko Erakusketa Unibertsalean. Euskal Herriaren hegoaldeko lau herrialdeen adierazgarri.

1867. urtean nekazaritza erakusketa egin zen Iruñean, Nafarroako Diputazioak antolatuta, eta bertara beste hiru probintzien ordezkariak gonbidatuak izan ziren. Arturo Campionen arabera, orduantxe erakutsi zen, lehendabiziko aldiz, lau lurraldeen armak batzen zituen blasoia.
Bestalde, lauburuaren hedapena ere zenbaki horri lotuta dago. Urte haietakoak dira El País Vasco-Navarro, El Semanario Católico Vasco-Navarro, Laurac-Bat, La Unión Vasco-Navarra eta Lauburu aldizkariak esaterako. Orduan, abertzaletasuna sortu aurretik, foruen aldeko alderdi politikoek (batez ere karlistek, foruzaleak eta integristak) bultzatzen zuten Laurak Bat ikurritza.
1936. urteko urrian lehendabiziko aldiz ofizialtasuna lortu zuen, Euzkadiko Jaurlaritzaren blasoia onartu zenean.
Gero Zazpiak Batek ia guztiz baztertu zuen. Baina gaur egunean oraindik bizirik dago XIX. mendeko oroipena dakarren elkarteren bat: Espainian, Valentziako Centro Vasco-Navarro Laurak Bat; Argentinan, Buenos Airesen, 1877. urtean sortutako Laurak Bat euskal etxea.