Belagilearen kaia

Mugak

Joseba Sarrionandia
Luzaide, 1934
Argazkia
Argazkia

Exprai

Enrike Zubiri medikua zen, eta idazlea, eta margolaria. Iruñean bizi zen arren, luzaidarra zen sortzez eta, ahal zuen guzietan, sorterrira alde egiten zuen. Igande hartan ere, hitzordua genuenez, Luzaideko etxean kausitu nuen. Haren etxera izerdirik gabe heldu nintzen, bide meharrean barrena. Atearen aitzinean aurkitu nuen, margotzen, pintagai zuen gizon batekin.
—Hau Ellande da, Arnegikoa –esan zidan Enrike Zubirik.
Ellande ez zen mugitu, begiak etxearen teilatu hegalerantz zituela. Modeloa zen eta ezin zen mugitu. Tente, geldirik, aurpegiera aldatzea ere debekatua zuen. Agurrik ere ez zidan egin, ezin zuelako ez irribarre ez negar egin, ez ezertaz axolatu.
Koadrora begiratu eta hantxe ikusi nuen berriz, Ellanderen erretratua, ia amaitua, aurpegi parte lauso batzuekin oraindik,Tillac edo Zubiaurrek pintatzen zuten tankerako euskalduna, serioa, isila.
—Ze kolore ederrak mendi bizkarretan –esan nuen, koloreei eder iritzirik.
—Hala da, iratzeak gorriturik. Gaztainondoak mokotsez brokaturik… –hasi zen Enrike Zubiri.
Ni koadroaz ari nintzen, baina berak mendialde hura estimatzen zuen oroz gainetik. Hain ederra zen paisaia berde hura, mendi magalean alhapideak eta haratago oihanak zituena.
—Larrazkena da hemen urtarorik ederrena –esan zuen Enrike Zubirik.
Ardi eta behi taldeak hedaturik zeuden han belardietan bazkan, mendi gainetako larreetatik jaitsi berri. Koadroan ere baziren puntu xuri edo gorriztak berdean. Lastima ez zuela koadroak ezkila eta joareen hotsa jasoko.
—Udaberriak badizu, hala ere, larrazkenak ez duen zerbait ona –mintzatu zen, lehenengoz, Ellande, gorputza eta aurpegia ia mugitu gabe argizarizko irudia ematen zuela–. Udaberria udaren alde doa, sasoi eder eta egun luzeetarantz, eta larrazkena negu beltzerantz. Zoriona ez baita denentzat batera eta hein berean etortzen…
—Mugitzen bazara –esan zion Enrike Zubirik Ellanderi–, hondatuko didazu lan guzia.
Ellande geldirik geratu zen berehala, koadrokoa bezala, sudur handi zintzo harekin, begiak teilatuaren hegalerantz iltzaturik.
—Begira ze paisaia eta ikusgarri zoragarriak hedatzen diren etxe honen aitzinean –esan zuen Enrike Zubirik–. Eskuineko alderat, urruna eta urdina, Astobizkar. Astobizkarko kantua ezagutzen duzu? Ezker alderat Arnegiko erreka, eta haratago Uharte Garaziko bazterretxeak…
—Muga non da? –galdetu nuen.
—Hor, hortxe duzu muga hori. Hemendik gure menperatzaileek ezarririko mugaraino berrehun metro baizik ez.
Ellande koadroan isilik, Ellande hantxe aurrean mintzo. Enrike Zubiri batari eta besteari aldizka begira, pintzela eskuan, ezpainen forma zehaztu ezinik
Enrike Zubirik Ellanderen atzealde guzia seinalatzen zuen:
—Ikusten dituzu, pentze eta alorren artean, hango bazterretxe zuriak? Izen ederrekoak dira, entzun: Udiri, Zestau, Pelloenia, Ortxaitx, Gallurria, Behorlegi, Aldabe, Bixkai…
Ikusgarria zen, benetan, eta Ellandek begiratu nahi zuela ematen zuen, eta indarrak egiten zituela ez begiratzeko. Enrike Zubirik pintzelaren puntaz leunki ukitzen zuen koadroaren oihala Ellanderen aurpegiari azken ukituak emateko, batez ere ezpainei.
—Eta badakizue zenbat karabinero ditugun herri ttipi huntan? –jarraitu zuen Enrike Zubirik–. Berrogoi! Eta orain, beste hamar ekarri dituzte… Berrogeita hamar karabinero horiek, beren familia eta beren emazte, biltzen direla ehun arrotz hurbil, ze kalte eginen dioten euskarari…
—Arnegin zortzi dituzu –esan zuen Ellandek, ezpainak bakarrik mugituz, soina eta burua geldi–. Horietatik sei euskaldunak…
—Muga alde huntan gertatzen diren gauzak nihun ez dira ikusten –esan zuen Enrike Zubirik–. Ondarlako auzoa Frantziako da, baina hemen, Luzaiden, bataiatzen eta ezkontzen dira, bai eta ehorzten ere. Gure hilerrian dituzte beren hobiak eta hilarriak, eskuaraz idatziak, guk bezala. Iruñeko apezpikugokoak dira. Eta baditugu Luzaiden bi bazterretxe Baionako apezpikuaren menekoak. Hemengo apezak Ondarlako sortzeak, ezkontzak eta heriotzak «de mi feligresía de Valcarlos» apuntatzen ditu. Eta Lasako apezak, aldiz, gure bi bazterretxe azkenak deitzen ditu «de ma paroisse de Lasa». Horra ze nahaskeria eta ondorio sorrarazi dituzten arrotzek ezarri zituzten mugek.
—Badakit beharko nukeela isilik egon koadroa mugitu ez dadin –esan zuen Ellandek ezpainak bakarrik mugitzen ahaleginduz–, baina nahi nuke erran mugak ez zaizkidala bereziki kaltegarriak iruditzen.
Ellande koadroan isilik, Ellande hantxe aurrean mintzo. Enrike Zubiri batari eta besteari aldizka begira, pintzela eskuan, ezpainen forma zehaztu ezinik.
—Mugak desagertzen diren egunean totalitarismo unibertsala hedatuko zaizu –jarraitu zuen Ellandek, gorputza geldirik, burua geldirik, bi ezpainak mugituz–. Euskaldunentzat ere kaltegarria dela muga? Egia da karabineroak eta jendarmeak ez direla konpainia hoberena. Baina zer egingo genuke euskaldunek mugarik gabe, alde batetik bestera beti ihesean ibili behar dugu eta!
—Hago isilik! –esan zion Enrike Zubirik.
—Ba, ni gustuan bizi nauk mugan –jarraitu zuen Ellandek–. Askatasun handiagoa izan diat mugan. Hamalauko gerlan deitu nindutenean, Luzaidera jin. Primo de Riveraren diktadurapetik ihes egin behar eta, Arnegira berriz pasatu…
—Zinema egiteko ona izanen haiz hi, baina pintura egiteko! –esan zuen Enrike Zubiri Manezaundik–. Hago geldirik!
Eta isilik geratu zen berriz Ellande, eta geldirik, teilatuaren hegalera begira. Baina une batzuk geroago teilatura baino apur bat sortalderago aldatu zuen begirada, lertxunak ikusi zituelako.
Lertxunak beren garrasi bortitzekin zihoazen lerroz lerro, hegoalderantz, iparraldeko hotzetatik ihesean, lur epelagoen bila, beren neguko bazkalekuetara, Astobizkar eta Ibañetako lepoan zehar, muga pasatzen zutela ohartu gabe. Itsasoa ere pasatuko zuten, Afrikara orduko.