Belagilearen kaia
Argazkia
Argazkia

Exprai

Petiri Santz

Joseba Sarrionandia

Pierre Luro Ibarren jaio zen 1820an. Artoz eta mukiz hazi zen, haurra, laborantzan eta kabalak zaintzen, eguzkiek eta haize euriek gogortzen ziotela larrua. Errientaren eskolarat joan zen hamabi urte bete arte eta han ikasi zuen erdara puska bat, eta irakurtzen, eta izkiriatzen, eta zifretan, eta nola dabilen Frantzia, eta zeintzuk diren lur honetako erresumak, eta boneta noiz behar den kendu jende aitzinean.
1828ko inauteri egunetan kantu berriekin irten ziren gazteak Gamarteko herrian barrena, eta han zen Pierre ere zortzi urterekin, irri algaraka kantuan:
Mila zortziehun eta hogeita zortzian
bisitari berria Gamarteko herrian:
Petiri Santz arribatu…
Petiri Santz gosea zen, miseria gorria, eta hala bizi ziren orduan, pobrezian baina kantuka. Petiri Santz Gamarterat heldu zelako zen kantorea:
Petiri Santz fanfarrona, habila baraxe,
gure kartierrerat jin haiz oi goiz soberaxe.
Han beherean badituk hainbat aberats etxe,
salbatzeko behar die gose direnak ase…
Aberatsek gosetua asetzen ez zutelako. Zortzi urteko haurra baizik ez zen oraindik Pierre Luro, baina neska-mutil helduagoekin ibiltzen zen. Etxe aberatsaren aitzinean ere kantatu zuten, han Gamarten ere bazirelako aberatsak, Garazin, Baionan eta Parisen bezalako ustekoak.
Aberatsek poxi ona hartu die berentzat,
Soberazko artorik ez gose direnentzat.
Nehongo beste Jinko bat behar da heientzat,
obra onik egin gabe zeruratzekotzat…
Etxe aberats hartan, Indianoarenean, atea ireki ere ez zen egin. Neska-mutilak, etxe hertsiaren ate leihoetarat egon ziren kantuz, otsaileko iluntzean, urre zilarrak ez zirela nahikoa soin galkorrarentzat, horixe kantatu zuten, eta hil ondoan, aberatsek ere lurra izango zutela matalastzat, pala lur eta xixare zonbait gaineko estalgitzat.
Hala ere, gazteek aberastu besterik ez zuten nahi. Dirua irabaztea nekea zen, baina gizona sosarekin ahalduna izango zen; hura gabe, ezdeusa.
—Nun dira, bada, dirua egiteko tokiak? –galdetu zuen Pierre Lurok, hamahiru edo hamalau urterekin–.
Ameriketarat joan zitekeela entzun zuen. Gamarteko egunsariak baino anitzez handiagoak ziren Ameriketakoak. Urrunegiak izatea zen Ameriketako lekuen estakuru bakarra.
Ez zuen bere burua soldadugoan xahutu nahi eta, sorteko adinerat heldu aitzinean, iletsu eta bizargabe, Ameriketarat joan zen. 1837an heldu zen Buenos Aires hirira, libera gutxi batzuk poltsan, baina laneko asmoa gogoan. Zango pare ona zuen, besoak indartsuak, osagarria azkarra eta burua argia. Urte bete lanean eta irabaziak, bildurik zituela, denak ebatsi zizkioten. Horrela ohartu zen diruaren egitea dela errazena, dirua mantendu ere egin behar dela. Orduan, sakela hutsik, xoko bat besterik ez zuen hirian bizitegitzat, zikinean, zorripean, eta Petiri Santz ikusi zuen berriz. Mila zortziehun eta berrogeita bian, bisitari berria Haize Ederretan, Petiri Santz arribatu…
Baina gosea akuilatzailea eta gogo-pizgarria zen, alkohola edo nikotina diren bezalakoa, baina merkeagoa eta eragileagoa. Gorputzaren ahuleriak, gosearen lehen zantzuak desagertu direnean, halako atseden bat eman eta halako fantasia bat askatzen dizu. Sosik egin ezinetik fite atera zen eta zaldi bat erosi zuen, gero karro bat. Karroa konpondu eta diligentzia bihurtu zuen Monserrat plazatik Barracas auzorat jendea eramateko. Pedro Lurok dirua egiten zuen, baina ongi gorde beharko zuen, bere eskupean edo beste norbaitenean, notario edo bankeroak baitziren horretarako. Baina musde edo jaun horiekin, karriketako ohoinekin bezala, ez dukezu behin ere begia erneegi ez sudurra luzeegi.
Sarako neska batekin ezkondu zen, Juana Pradere. Hirian ez omen zen ontsa sentitzen, hiriaren handian galtzen zen eta beste euskaldun batekin juntatu zen almazen bat eraikitzeko Dolores hirian, Buenos Airestik hirurehun kilometro hegoaldera. Emaztea han utzi eta, hiri hartatik ere urrundurik, Pampa alderat abiatu zen, eremu amaigabe haietan zerbait eginen zuelakoan behiekin, esnearekin edo larruekin. Lastozko etxola izango zuen egoitza, zakur pare bat lagun, eta zaldia. Zaldi gainean abiatuko zen lautada mugagabe haietan barrena, buru gainean zeru garbia, erre nahi zuen eguzkiarekin, eta oinen azpian belar berde eta gizena, lur beltzetik lasai eta emaro ateratzen zena; ez apezik, ez errientik, ez jendarmerik, ez medikurik.
Dirua egitea zen xedea eta Pedro Lurok zuhaitzetan kausitu zuen irabazpidea, zuhamu berrien landatzen, zuhamu haziak erein edo ondo gazteak ber landa. Auzoko estantziero batekin egin zuen tratua, landatu zuhaitz arrunt bakoitzarengatik lau zentimo irabaziko zituela eta fruitu-arbola bakoitzarengatik hogeita lau. Gereziondoa zuen gogoan Pedro Lurok, haren lore xuriak bedatsean zabalduko zirela. Eta udare gorria ere gogoan zuen, orotako goxoena. Eta irasagarra, beti muskerra, baina egosi eta azukraturik parerik ez duena. Eta leizarra, azkar eta gora hazten dena bere hosto ttipiekin. Eta gaztainondoa, gaztainadiak imajinatzen baitzituen zelai huts haietan. Bost urteren buruan, euskaldun saldo batekin gogor lan egin ondoren, Pedro Luroren lanak terrenoak berak baino gehiago balio zuen. Jabeak ez zion ordaindu nahi izan eta Pedro Luro, auzi bidez, 5.000 hektareako lurraren jabe bihurtu zen.
Juan Manuel Rosasen diktadura zen, iraultzak eta gerra zibilak jarraikiak ziren eta Pedro Lurok desertu urrun eta arriskutsua aukeratu zuen. Pampako espazio zabalak maloi nomadenak ziren, zakurrak salbaia bihurturik zeuden eta behi talde handiak zebiltzan erdi galdurik. Behiak lakioz harrapatu eta bertan akabatzen zituzten, ganibetez, eta behiaren larrua profitatzen zen bakarrik, gorputza han uzten zen usteltzen. Pedro Lurok abere haiek erosi eta gazitze-fabrikarat eramateko ideia izan zuen. Basabehi haiek apur bat mantsotzeko modua asmatu eta bostehun edo milako behi taldeak eramatea lortu zuen zuzenki fabrikara, behia hil eta okela gazitzeko. Urte betean, 35.000 eraman omen zituen, eta hala aberastu omen zen.
Sorterrirat itzultzeko asmoa zaindu zuen beti gogoan, munduak duen parterik ederrenera, zeruak duen zatirik ederrenaren azpira. Hala erraten zien seme-alabei, baina mukizu haiek irribarre egiten zioten, orduan zerendako jin zinen hona erranez bezala, baina ez zioten euskaraz egiten. Ez zuketen jakinen Gamarte hatz puntaz seinalatzen munduko mapan.
1865ean, Pedro Luro Bahia Blanca baino harantzago joan zen. Bahia Blancako gotorlekua zen orduan muga, handik aurrerako eremuetan indioak zebiltzan. Rio Colorado aldean, maloiek zaldiak harrapatu zizkioten, baina han bestalde ibar ederrak zeudela konturatu zen. Beldurgarria zen indiar maloi haien eitea, ile ilun luze hura trapu xingolaz lotua, kobre koloreko aurpegiak txinatar begi haiekin eta zaldi erraneko arin haien gainean lantza luze haiekin. Yayayaaaaaahhhh! oihuka heldu ziren trumilka eta, salbaiak ziren benetan, tiroka ohilu beharreko ehiza-gai madarikatuak. Buenos Aires hirirat itzuli eta, Bartolomé Mitre jeneralarekin, Estatuari 100 legoa karratu erosteko tratua egin zuen, 1.000 franko legoa, 300 euskaldun ekartzeko bertara.
Argazkia
Argazkia

[[javascript:AbrirVentanaScroll('muestra_foto.php?Foto=fotos_originales/4899c4b2a6.jpg&Ancho=600&Alto=479','',479,600)|handitu]]
Exprai

1877an, Pedro Lurok Rio de la Platako larru fabrikarik handiena eraiki zuen. Sei pailebote erosi zituen, asteko egunen izenez bataiatzeko, eta nasak ere eraiki zituen. Gero, gerrikoa jadanik hanpaturik, Mar de la Platako bainuetxe apainetan ere inbertitu zuen, Grand Hotel izan zen politena. Gaixotu zenean, ez zuen eguzkitako edo itzalpeko fortuna falta, 375.000 hektarea utzi zizkien kanpo lurretan, 300.000 buru artaldeetan, 150.000 behi buru, gehi dirutakoa.
Bere semeak, aberatsak eta politikoak, oligarkiaren defendatzaile egin ziren berez: Santiago Luro Buenos Aires probintziako Diputatu Ganbarako presidentea zen; Jose Luro ere diputatua eta Argentinako Finantzen Batzordeko presidentea; Pedro Olegario Luro medikua zen, orein eta basurde ekarle Europatik Ameriketarat. Baina seme-alabak, ez horiek ez besteak, ez zituen etxean eta ez zituen apenas ikusten.
—Oro dituenik ez da! –erraten zuen Pedro Lurok bere burua altxatzeko–.
Orain eririk zegoen ohean eta eguzkiak argi zinta bat sartzen zuen leihotik barnerat urrearen kolorekoa. Hemiplejia izquierda incompleta zen diagnostiko ofiziala, puska garesti ederrez beterik zuen etxea, baina bizitza ez zitzaion jadanik istant bat baizik. Urre metaren gainean etzanik ari zen hiltzen, urre zilar hura guzia ez zen deusetarako eta hitsa zen. Zangoek ezin jasana, besoetako indarra galdua, gogoa uzkur, ahalke, eta laino artetik heriotza bera ari zitzaion inguratzen.
—Petiri Santz! –erran omen zuen, ezindurik, ohetik–.
Bakarrik zegoen, seme-alabarik edo adiskiderik gabe, zerbitzariak inguratu zitzaizkion agindu eske. Baina urrun eta antzina zen dena, neska-mutikoak jolasean eta bera umeenetako bat zen, mendi bizkarrean kantari zebiltzan ilunabarrean, pobrezian eta kontent, goseak ematen zuen fantasia harekin kantuan:
Aberatser huntarsunek emaiten buruan laino,
Ignorantagoak direlarik nekatzaileak baino,
Petiri Santz nolakoa den ez dakite oraino
Ez ere jakinen berek frogatu arteraino…
Gosea ez da deus ere, Petiri Santz, ezker aldeko hemiplejia inkonpletoak dira mingarri eta tristeak, koloneko kolikoak dira gogaikarriak. Zerbitzariek Don Pedro lagunen bati deika ari zela pentsatu zuten, ez zuten ezagutzen Petiri Santz hori, Don Pedroren lagun euskaldun edo frantsesen bat izango zen.
—Petiri Santz! –dei egiten zuen ohetik Pedro Lurok, burugogor–.