Salamanca, 1936

Belagilearen kaia

Salamanca, 1936

Viva la muerte

Joseba Sarrionandia
Nire hitzen zain zaudete. Ondo ezagutzen nauzue eta badakizue zaila egiten zaidala isilik geratzea. Isilik geratzea, gezurra esatea bezalakoa da sarritan. Isiltasunak ere bere esanahia du, eta adostasun edo onartze lez uler daiteke. Beraz, komentario batzuk egin nahi dizkiot gure artera etorri den Millán Astray jeneralak egin duen hitzaldiari, edo dena delakoari. Alde batera utziko dut euskaldunen eta katalanen kontra esan duena, eta eraso horrek inplikatzen duen irain pertsonala. Dakizuenez, ni Bilbon jaio nintzen. Eta apezpikua…
Argazkia
Argazkia

[[javascript:AbrirVentanaScroll('muestra_foto.php?Foto=fotos_originales/4457a90b66.jpg&Ancho=384.995064166&Alto=650','',650,384.995064166)|handitu]]
Exprai

Migel Unamunokoak apezpikuari begiratu zion eta hark handi zabaldu zituen begiak.
—Bartzelonan jaio zen eta… berak nahi zein nahi ez, katalana da…
Migel Unamunokoa gelditu egin zen apur bat. Ehunka aurpegi ikusi zituen, berari begira, adi, sala ikaragarri isilean.
—Beste gauza bat da komentatu nahi dudana. Biba heriotza! entzun dugu aurreko hitzaldian, Biba heriotza! oihu nekrofilo eta zentzugabe hori. Paradoxak konposatzen eman dut bizitza, nire paradoxak konprenitzen ez zituen jendea haserrarazten eman dut bizitza osoa. Aitortu behar dizuet paradoxei buruz asko dakidala, gai horretan jakituna naizela. Orain, jakitunaren autoritatearekin esango dizuet paradoxa hori erridikulua eta nazkagarria dela. Millán Astray jenerala elbarria da…
Zurrumurru batzuk entzun ziren salan, orduan berriro isiltasuna. Migel Unamunokoak arnasa hartu eta jarraitu zuen:
—Ez da ahapeka esan beharreko gauza, ez da lotsagarria elbarria izatea. Alderantziz, gerraren ondorioz da elbarria. Cervantes ere elbarria izan zen. Baina, zoritxarrez, elbarri gehiegi dugu gaur egun Espainian. Eta Jainkoak laguntzen ez badigu, geroago eta gehiago izango dugu. Dardaraka hasten naiz pentsatzen dudanean Millán Astrayk gida dezakeela jendearen gogoa. Cervantesen handitasun espirituala ez duen elbarria da eta susmatzen dut lasaitu egingo dela, eta poztu egingo dela, bere inguruan elbarriak ugaltzen ikusiz…
Millán Astrayk pauso bat eman zuen aurrera, aurpegia zurbil, erneguz artega, esku antzeko bere zera airera altxatuz. Zer egin ez zekiela, oihuka mintzatu zen:
—Ikusten duzue? Hemen duzue berriro inteligentziaren sugea! Behera inteligentzia! Biba heriotza!
Zurrumurruak, oihuak, iskanbila zabaldu zen salan, armak ere hasi ziren ikusten. Migel Unamunokoak eskuan zituen oraindik prestaturik ekarritako mintzaldiaren paperak. Prestatutakoa ez zitzaion ezertarako. Beste gai bat zuen eta bestela hitz egin beharra. Beste paradoxa batzuei buruz.
Luzaroan jarraitu zuen istiluak, militar batzuk salatik irten zirela ikusi zuen Migel Unamunokoak; laster indar gehiagorekin itzultzeko seguru asko. Beste batzuek isiltzeko eskatzen zuten. Isilunea egin zenean, Migel Unamunokoak hartu zuen berriro hitza.
—Bai, hau unibertsitate hau inteligentziaren tenplua da eta une honetan neu naiz hemen sazerdote nagusia…
Apezpikuaren eskuak dardaraka ikusi zituen Migel Unamunokoak. Bereak propioak ere artega zeuden, irakurtzeko prestaturik ekarritako mintzaldiaren paperak zimurtzen:
—Leku sakratu hau profanatzen ari zarete. Irabaziko duzue, indarra irabazteko nahikoa duzuelako. Bentzituko duzue, baina ez duzue konbentzituko. Jendeari sinestarazi egin beharko diozue, eta inori ezer sinestarazteko beharrezkoa den zerbait falta duzue zuek: eskubidea eta arrazoia. Aipatzen duzuen aberriaz, Espainiaz, zuei pentsatzeko eskatzea ere alferrikakoa iruditzen zait. Amaitu dut.