Harrapari nafarrak, Iruñetik Salamancara

Josu Chueca
Nafarroako Gobernuko Kultur sailburua dugun Juan Ramуn Corpas orain dela gutxi Salamancaratu zen PPren agindutara. Hor harro bezain garbi hitz egin zuen Alderdi Popularrak Salamancako paperez duen jarrera lagundu nahian. Gure kultur ordezkariaren arabera, artxibo horrek ustez duen batasunari eutsi behar dio eta hor dauden agiriak inolaz ere ez dira itzuli behar beraien jatorrizko lekuetara edo nagusiengana. Kataluniako Generalitateak ireki duen arrazoizko bidea, beraz, itxi behar da hurrengo eskakizunen aurrean. Nafarroatik horrelako asmorik ez zutela gaineratu zuen, eta izan zitezkeen agiriak lasai oso geldi zitezkeela betirako Salamancan.
Madrili begira agintari nafarrek duten ohiko eskuzabaltasunaren beste seinale bat dela pentsa dezakegu. Izan ere, nafar hiritarrei buruzko fitxa ugari dauden arren, berdin dio gure artxiboetako arduradun nagusiari dokumentazio hori Iruñetik ehunka kilometrotara egotea. Era berean bost axola hari Nafarroako alderdietako, sindikatuetako eta hainbat elkartetako militanteen agiri, eskutitz, etab. hor gelditzea. Beste lurraldeekin konparatuta ez dira anitz izanen, erran dezakete UPNkoek. Eta, azken talaia horretatik begiratuta, arrazoi pixka bat dute 1936ko uztailaren 19ko altxatuen ordezko direnek. Aipaturiko data zehatz horretan, Nafarroan, gerra osoan zehar burutu zituzten egoitza okupazio eta lapurreta sistematikoei hasiera eman zieten. Jakina, orduko harrapakinak Nafarroan bertan gelditu zirenez, hortxe, Salamancara joan gabe, badute, eduki beharko lukete!, non ikertu gure kultur buruek.
Justiziazkoa bezain ederra izanen zen jakitea non dauden alderdiek zituzten eta Iruñetik, Lizarratik, Tafallatik… atera ez ziren akta liburuak, liburutegia, barne dokumentazioa, aldizkariak… Ezen, hainbat lekutan faxistek egindako suteek Casa del Pueblo, Batzoki, Ateneo eta antzeko elkarteen agiriak erraustu zituzten arren, beste askotan falangista eta karlisten esku azkarrek berenganatu zituzten horrelako dokumentuak.
Salamancako Artxiboa xelebre horri dagokionez badute UPNtarrek, lotsa apur bat izanez gero, isilik gelditzeko nahiko arrazoi. Lau haizetara behin eta berriro zabaltzen duten harrokeria nabarrista hori, kontu horretan bederen, moteltzeko. Gerra Zibilari buruzko agiritegi horrek espoliazio ikaragarri handi batean jatorria duelako eta ekimen horretan hainbat nafar lotsaren historiarako lerro askotan izkiriatu zituztelako. Izan ere, Gipuzkoan, Bizkaian, Santanderren, Lleidan, Bartzelonan, Valentzian… sustatu zituzten lapurreta metodikoek gorpuztu zuten Salamancako Artxiboa.
Argazkia
Argazkia

[[javascript:AbrirVentanaScroll('muestra_foto.php?Foto=fotos_originales/43257f2c9ctxueka.jpg&Ancho=600&Alto=392','',392,600)|handitu]]
Nafar karlisten Guda Batzordea. Goitik hasita eta ezkerretik eskuinera, José Uriz, Victor Euba, Blas Inza, Javier Martínez de Morentín, Ricardo Arribillaga, Blas Morte, Marcelino Ulibarri, Joaquín Baleztena, José Martínez Berasain, José Gómez Itoiz eta Eleuterio Arraiza.

Lapur jardun horietan eskarmentu handikoak genituen zenbait nafar. Jaime del Burgok berak, naturaltasun osoz, bere Conspiración y Guerra Civil liburuan Donostian 1936ko irailaren 18an egindako bilera baten berri ematen digu. Errekete buruzagi horren arabera, bilkura hartan, José Martínez Berasain eta Javier Martínez de Morentin karlistek eta José Moreno falangistak, bertako gobernadore militar eta zibilarekin batera, adostu zuten Bilbon sartutakoan zer egunkari hartuko zuen indar politiko bakoitzak. Txapelgorriek El Liberaleko inprimategia eskuratuko zuten bitartean, Falangekoek Euzkadikoa hartuko zuten. Ordurako, Donostiako egunkarien banaketa egina zuten alderdi horiek, baita batzokien eta beste egoitza ezkertiarren okupazio eta lapurreta ere.
Oso antzeko ildoa biltoki horietan eta etsaien etxeetan aurkitzen zuten dokumentazio guztia berenganatzea izan zen, etsaien kontra burutuko zuten errepresioari sostengua emateko. Helburu horretantxe dugu Salamancako Artxiboaren jatorri zuzena, eta ekimen horretako akuilu nagusia, Marcelino Ulibarri Egilaz errekete buruzagi nafarra. Gerra hasi zenetik Iruñean eratu zuten Junta Central Carlista de Guerra delako batzordeko partaide izan zena 1937ko apirilaz geroztik, Bizkairen aurkako erasoaldia aurrera joaten zen heinean, etsaiei dokumentazioa lapurtzeaz arduratu zen. Francok berak Zerbitzu Berezietako buru izendatuta, hori izan baitzen bere eginbeharra. Orduz geroztik frankistek xede horri eusteko eman zituzten pauso guztietan aitzindari izan zen Ulibarri. Bilbo hartu ostean, Servicio de Recuperación de Documentos eratu zutenean, edo 1938ko apirilaren 26an, Gobernazio ministroa zen Serrano Suñerrek aginduta Delegación del Estado para la Recuperación de Documentos delakoa antolatu zutenean, buru nagusi Tafalla aldeko karlista hori bilakatu zuten.

Bizkaiako agiriak

Ordurako Bizkaia aldean, Santanderren eta Asturiasen lortutako milaka eta milaka dokumentazio kutxak frankisten hiriburu zen Salamancara eramanak zituen Ulibarriren taldeak. Hor bertan hasi ziren azaltzen ziren militante ezkertiar, abertzale eta errepublikanoen fitxak egiten, dagoeneko indarrean zegoen legislazio frankistak horien kontra jotzeko asmoz. Era berean, Ulibarriren agindutara, beste talde batzuk eratu zituzten, hartu gabe zituzten Bartzelona, Madril Valentzia eta beste hainbat hiri eskuratu bezain laster ohiko miaketak eta espoliazioak burutzeko.
Horren ondorioz, gerra amaitzear zegoelarik, Errepublikaren aurka altxatuak Bartzelonaratu zirenean, Bizkaian eratutako lapur taldexka garaturik zegoen oso. Kataluniako hiriburuan, esate baterako, Marcelino Ulibarriren agindutara, 40tik gorako errekete nafar aritu ziren espoliazio lanetan. Hainbat faxista katalanekin batera, antolatu zituzten sei taldeetako buruen artean, hiru nafar zeuden, Prudencio Arza, Francisco Aizkorbe eta Julio Lasanta. Hor aritu zen Ulibarriren iloba Pedro Ruiz Ulibarri ere, Salamancako Artxiboan 1985a arte (!) zuzendari lanetan arituko zena.
Gerra amaitu eta hilabete batzuetara hauxe zen balantzea: Milaka aldizkari eta egunkari, kartelak, liburuak, liburutegi osoak… eta batez ere, 20.000 kutxa, agiriz beterikoak. Ley de Responsabilidades Políticas edo Tribunal para la Represión contra la Masonería y el Comunismo zirelakoen bitartez, hurrengo urteetan burutu zituzten epaiketek, isunek eta neurri errepresiboek dokumentazio itzel horretan izan zuten oinarri. Horixe zen erreketeek eta guardi zibilek agiri horiekiko erakutsi zuten atxikimenduaren arrazoia. Inolaz ere Gerra Zibilari buruzko artxibo bat osatzea. Lapurtutako horrek guztiak egun Salamancan jarraitzea 1936ko uztailaren 19an Iruñeko Gazteluko plazan hasitako ignominiaren historia jarraitzea da. UPNkoek ongi dakite hori. Horregatik mintzatu ziren Salamancan mintzo ziren bezala.