Argazkia
Argazkia


3.erreportajea

Sebastian Arbizu

Baionak ere merezi zuen bere meza

Edorta Jimenez
Sebastian Arbizuk XVI. mendeko bigarren erdian Euskal Herrian eta inguruetan bizi izan ziren gorabeheretako askotan esku hartu zuen. Haatik, haren izena ez bilatu entziklopedietan. Espioitza eta diplomazia zereginetan jokatu zuen rola gogoan hartuz gero, lekua merezi duela zalantzarik ez dago.
Bada, 1533an jaioa, Lizarraga eta Sarriko jauna zen, eta Etxarri Aranatzeko dorrearen jabea. Etxea zeukan Iruñean, Harategi Zaharrak kalean. Etxea Beaumondarren bandoaren aldekoa zen, nonbait. 1558 Iruñeko erregidoreen artean dugu, eta urte berean Nafarroako Gorteetako kadiradun, edo partaide. Garaiko horrelako gizonen pentsaerakoa bera, 1560an auzitan sarturik dugu. Lehenengoz, baina ez azkenekoz. Auzian esaten denez, gizona «sedicioso, alborotador de pueblos, salteador, infamador, usurpador de la jurisdicción real y responsable de perpetrar delitos y otras cosas feas y excusadas.»
Hurrengo urtean, 1561an, Sebastianek anaiari babes ematen, justiziaren kontra eman ere. Eta auzirik ekarriko ez dion urterik ez balego moduan, 1562an Iruñako agintariek auzitan sartu dute, Lizarragako bigarren erregidorearen kargua hartzeari uko egiteagatik.
Ezkongabetan alaba egin zuen, bakarra izango zuena, Ageda, 1571an jaioa. Ezagutzen zaion ezkontza bakarra, ostera, 1577an edo 1578an izan zen, gipuzkoar aitonen alaba Katalina Lopez Elduaienekoarekin izan ere. Semea, Marco Antonio, orduantxe jaiotzekoa zen. Hots, ezkontzatik kanpo. Seme-alaben ama, Teresa Iurrekoa zen. Bada, irudi du Katalinarekin ezkontzeak interesak eragin ziola. Emaztegaiak 3.000 dukat eman zituen ezkonduen etxea osatzeko.
Interesen mendeko ezkontza izan arren, azken urteetan emazteak auzitan sartu zuen Sebastian Arbizu, seme-alaben amari kasu eta berari muzin egiten ziela eta. Eta hara, 1588an ‘falso monedero’ akusaziopean atxilotu dute. Alegia, urrezko diru faltsuak ekoizten zituela zioen justiziak. Iruñako gotorlekuan urte bi preso eman ondoren, urte biko deserria ezarri zioten, baita ere isuna dirutan. Epailei ahobero erantzunda, lehenago ezarritako zigorrez gain, horien bi gehiago ezarri zizkioten. Dirua eskuratzera beharturik, Etxarri Aranatzeko jendeekin auzitan sartzen da. Ez du deus erdietsiko, eta bai, ordea, auziak eragindako gastuak ordaindu beharko.
Hala bada, 1591an erbestera doa, lagun dituela hogei urteko alaba Ageda eta hamalau urteko seme Marco Antonio. Gizonak 58 urte ditu. Garai hartan, ia agure adina.
Argazkia
Argazkia

[[javascript:AbrirVentanaScroll('muestra_foto.php?Foto=fotos_originales/48930019a6.jpg&Ancho=600&Alto=448','',448,600)|handitu]]
Baionako harresia espia batek marraztua. Argazkia 1542koa da.

Donapaleun hartu du etxea, baina heriotza eman nahi izan diotela-eta, Pabera doa. Hor delarik, bere burua espioitza lanetarako eskainiko dio, nori eta Nafarroa Garaiko erregeorde Martin de Cordava delakoari. Horren benetako errege Felipe II.aren planetan bere idazkari ohi Antonio Perez Biarnon aterpetua atxilotzea eta Baiona eskuratzea dagoela gogoan, onartu egiten zaio eskaintza Sebastian Arbizuri.
Pauen laster jakin dute Arbizuren azpijokoaren berri eta, ondorioz, Nafarroa Garaiko mugaldera igorri dute. Hortik, Iruñera doa, eta gero Baionara. Lapurdiko hiriburutik aldendua, Madrilera da 1594an. Hor, Baiona eskuratzeko plana eskaintzen du baina, berandu da. Frantziako eta Nafarroako errege Enrike ordura arte higanotak Eliza Katolikoaren besoetara egin baitu, besteak beste. Baionak ere merezi zuen bere meza. Konspiratzaileek kale egin dute, Antonio Pérez haren kasuari dagokionean bezala. Iheslariak Ingalaterrara egin zuen alde 1593an.
Madrilen dela, Baiona eskuratzeko erari buruzko plana izkiriatzen du. Hiria menderatzeko ahalegina 1595an bideratu zen, arrakastarik gabe, ostera. Urbizuren aholkuak ez ziren gogoan hartu. Noiz hil zen, ez dakigu. 1596an artean bizirik dela da dagoen azken datua.
Erreferentzia bibliografikoa: Carnicer García, Carlos J. & Marcos Rivas, Javier;
Sebastian de Arbizu, Espía de Felipe II; Nerea, Madrid, 1988